XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Europako ratio poliziala

Gipuzkoan Ertzaintza hedatzeak Estatuko Segurtasun Indarren agente kopuruan ekarriko duen murrizketaren inguruko eztabaida berpiztu egin da azken asteotan Gobernu Zibilaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean.

Jose Maria Gurrutxaga gobernadore zibilak esandakoari, alegia, Ertzaintza Donostiara iritsi ondoren polizia nazional eta goardia zibil kopurua ez zela murriztuko, berehalako erantzuna eman zion Joseba Arregi Jaurlaritzako bozeramaileak, Ertzaintzaren hedapenak besteen murrizketa ekarriko duela adieraziz.

Juan Maria Atutxa Barne sailburuak antzu iritzi zion atzo polemika horietan sartzeari eta garrantzia kendu zion Arregiren eta Gurrutxagaren arteko ika-mikari.

Atutxaren esanetan, Estatuko Segurtasun Indarren agente kopurua gutxitu da Ertzaintza hedatu den heinean.

Hala ere, Ertzaintza hedatuta dagoen EAEko zenbait herritan Estatuko Segurtasun Indarrek oraindik lanean segitzen dutela salatu zuen, udalei gastu bikoitza dakarkielako.

Ez gaude pezetak era paraleloan gastatzeko moduko egoeran.

Europaren antzeko ratio poliziala ezarri behar dugu, Euskadik ez baitu Europako batez bestekoaren gaineko existentzia polizialik behar, adierazi zuen Atutxak Gasteizen errepideetako segurtasunerako plana aurkeztu ondoren.

Polizi gorputzen lan banaketa egiterakoan, Estatutuaren 17. artikulua kontuan hartzea eskatu zuen Atutxak.

Artikulu horrek zehatz-mehatz adierazten digu zeintzuk izango diren bakoitzaren funtzioak, bere esanetan.

Barne Sailarekiko jarrera kritikoa duten ertzainek EAJren aldetik jasaten dituzten presioei buruz Egin egunkariak atzo kaleratutako informazioa arinkeria eta astakeria dela adierazi zuen Barne kontseilariak.

Juan Maria Atutxa.